EUSKHARAN, IZANA ETA GEROA…
NOR
GARA ?
EUSKAHARAN, IZANA eta GEROA
Euskharan Kultur Elkartea 1998. urtean sortu zen Gasteizko Aranbizkarra auzoko bihotzean, Gasteizko Ipar-ekialdeko auzuneak baitan hartzen dituen 7. alaba auzo elkarteko komisioak hala bultzatuta, izan ere, inguruko bizilagun euskaldunek elkar ezagutu eta euskaraz aritzeko txoko baten beharra zutela sumatu zuten. Amaia aurreskola hutsik geratu zen garai horretan, eta euskararentzako seaska hura adin guztietako bizilagunentzat euskararen etxe eta topagune bilakatzeko ametsak ekarri zuen Euskharan Kultur Elkartearen sorrera
Handik gutxira Gasteizko Udalarekin hitzarmena sinatu zuen elkarteak, auzoko ikastetxe eta euskaltegiekin bat eginda proiektu integral bat aurkeztuz. Haurrentzako aisialdi eskaintza, gazteentzako kulturgintza tailerrak eta helduentzako mintzapraktika taldeak eskaini zizkion auzoari, euskara ikasgeletatik kanpora auzora zabalduz joan zedin. Gasteizko bertso-eskolak eta Arabako bertsozale elkarteak ere Amaia zentroan ezarri zuten egoitza, eta gaur egun horiek, euskarazko liburutegi eta bideotekak osatzen dute Amaia Zentroko ekosistema xume bezain aberatsa.
90. hamarkadatik hona Gasteizen euskararen berreskurapenean eta ezagutzan aurrerapauso handiak eman dira ikastetxe eta euskaltegien ahaleginari esker. Belaunaldi asko euskadundu da auzoan, erabilera aldiz apala da oraindik. Badirudi garai berriei aurre egin eta bizirauteko aurrerantzean ere arnasguneak beharko dituela euskarak, eta hori da finean Euskharan: Euskararen harana, euskararentzat oasi txiki bat langile auzo baten bihotzean.
EUSKHARAN ERREPORTAIA 2014
ETS - EUSKHARAN 2013
Euskaraz jarduteko txoko xumea, hogei urteren buruan, proiektu integrala
Inguru erdaldun batean, Gasteizko Aranbizkarra auzoko euskaldunak sakabanatuta zeuden, eta, hala, euskararen ezagutzak gora egiten zuen baina erabilerak ez. Eta Amaia zentroa lortu zuten mintzapraktika egiteko. Hogei urte joan dira, eta Euskharan Elkarteak haur, gazte eta helduei euskarazko hamaika zerbitzu eskaintzen dizkie.